XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

3. TESTUAK LANTZEN

ERITZI OROKORRA TESTU TEKNIKOETAN

Eritzi orokorra da testu azterketaren azken urratsa.

Orain arteko lanaren bidez zehazturik daude testuko ideiak, bai eta hauek garatzeko egileak erabili dituen baliabideak ere.

Honako urratsean, aurretiaz egina den lanketa horretan oinarrituz, testuari berari buruzko eritzi orokor bat ematea da helburua.

Eritzi orokor honek bi osagai izan behar ditu: eritzi kritikoa eta testuaren balioa.

Eritzi kritikoa

Eritzi kritikoa, funtsean, testuko ideiekiko adostasuna edo desadostasuna agertzea da, horretarako arrazoiak azalduz.

Eritzi kritikoak orekatua izan behar du, erabateko adostasun edo desadostasunik erakutsi gabe.

Testuko ideia guztiekin erabat ados agertzeak zentzu kritikorik eza adieraz dezake eta, alderantziz, guztizko desadostasunak itxikeria, besteren ikuspuntuak ulertzen eta onartzen ez jakitea.

Beraz, zentzu kritikoa baina jarrera irekia.

Arrazoitu egin behar da eritzia, testuko tesi(ar)en alde edo aurka, eta xehetasunak gaineratu, hau da, bai ampgt; ez... (arrazoiak) baina... (xehetasunak).

Labur-labur, arrazoi eta zehaztasun objetiboak eman behar dira, zientifikotasunez jantziak, hots, datu eta informazio jakingarriz osatuak.

Testuaren balioa

Testuko ideiekiko eritzi kritikoa emana denean, testuaren balioa finkatu behar da.

Adostasuna edo desadostasuna gora-behera, edozein testuk izan ditzake balio azpimarragarriak: tesiaren planteamendu orekatua, garapen egokia, ikuspuntu berriak, gaurkotasuna, formazko dotoretasuna (aberastasun estilistikoa)...

Arlo hau behar bezala gauzatzeko garrantzizkoa da aurretik egin den iruzkina, baina baita jakite maila ere, denborazko kokapena kontutan harturik beste autore batzuek esandakoarekin, pentsamendu korronteekin eta, erkatzeko.

Beraz, eritzi orokorra ez da pertsonala.

Eritzi pertsonala guztiz subjetiboa edo inpresioetan oinarritua izan ohi da eta, horregatik, helburu hauetatik kanpo geratzen da.

Gainera, alferrikakoa gertatuko litzateke aurreko azterketa, azkenean aburu kaxkar batzuk ematera iristekotan.

Eritzi orokorra ez da, halaber, testuaren parafrasia egiteko ere, bertan esaten denaren inguruan jakituriazko erakustaldi bat egiteko, alegia.

Eritzi, arrazoiketa eta informazio osagarri guztiek lotura zuzena izan behar dute testuarekin.

Eritzi orokorra tonu eta lexiko egoki batez adierazi behar da, setiotasunez.

Jarrera irtenak edo losintxak edo esamolde gordinak lekuz kanpo daude.